Ekiola Elgoibar eta Mendaroko Energia Kooperatibak trantsizio energetikoan funtsezko rola beteko duten energia-komunitate baten parte izateko aukera ematen die herritarrei. Nork bere energia modu jasangarrian, tokian toki, arduraz eta ahalik eta inpaktu txikienarekin sortzeko aukera eskainiz. Energia-komunitateak energia trantsizioan ekarpena egiteko modua dira, energia enpresa handiekiko dependentzia txikituz eta energia berriztagarrien sorkuntzan ekarpena eginez.
Elgoibar eta Mendaroko Energia Kooperatibaren bitartez, bazkideek euren etxeetan kontsumitzen duten adina argindar ekoiztuko dute zero kilometroko energia berriztagarriaren bitartez. Gainera, energia-komunitatearen bidez sortutako argindarrak prezio justu eta egonkorragoa izango du.
Elgoibar eta Mendaroko Kooperatiba energia-komunitateak herritarrak, administrazio publikoak eta enpresak elkartzen ditu bere baitan. Gaur-gaurkoz, bazkide kontsumitzaileez gain, Elgoibarko Udala eta Mendaroko Udala dira kooperatibako bazkide. Gainera kooperatibak, Danobat Group-ekin lankidetza hitzarmena dauka.