Zer da Elgoibar eta Mendaro Ekiola?

Helburua tokiko energia berriztagarria ekoiztea da, bazkideen energia beharrak hornitzeko.

Elgoibar eta Mendaroko Energia sorkuntza eta kontsumorako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Elgoibar eta Mendaroko Ekiola. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat eraikiko du kooperatibak, Elgoibarren. 600 etxeren energia elektrikoaren kontsumo totala asetzeko besteko eguzki energia sortuko dugu bertan.

Kooperatibako bazkide diren herritarrek, kapital ekarpen baten truke, euren etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia sortuko dute Elgoibarreko parke fotovoltaikoan.

Elgoibarren energia berriztagarrien sorrera eta kontsumoa sustatu nahi ditugu, baita komunitatearen parte-hartze aktiboa sustatu ere, energia-eredu iraunkorrago baterako trantsizioan.

Energia-iturri garbia eta ekonomikoa eskaintzeaz gain, Elgoibarreko kooperatibak ingurumen-iraunkortasunar en garrantziari buruzko kontzientzia sortu eta paradigma-aldaketa sustatu nahi ditu, energia-baliabideen erabilera arduratsuagoa izan dadin.